Zertarako erabili dezakegu aplikazioa Euskaraldiko 15 egunetan?

2020.11.20

Iritsi da Euskaraldia, eta horrekin batera, Euskaraldiaren aplikazioak funtzio berriak dakartza.

Orain arte bezala, BERRIAK  atalean Euskaraldiaren inguruko datu, notizia edo ekintzen berri emango dizuegu eta FANWALLaren bitartez zuen inguruan Euskaraldia nola bistaratu den, zer ekintza egiten ari zareten, zuen parte hartzea nola adierazten duzuen…. erakusten duten argazkiak elkarbanatu ditzakegu. Bi funtzio hauen bitartez Euskal Herriko txoko desberberdinetatik Euskaraldiaren garapena nolakoa izaten ari den jarraitu ahal izango dugu guztiok. 

Horiez gain ordea, 15 egun hauetan beste funtzio berri batzuk izango ditu aplikazioak; ARIGUNEAK, URRATSAK, eta BIZIPENAK, hain zuzen.  Ariguneak atalean, Euskal Herri osoan osatu diren ariguneak non dauden ikusi ditzakegu. Hala, zuetako bakoitzak zuen inguruan; dela herrian, auzoan edo eskualdean, eukaraz lasai aritzeko guneak zeintzuk diren identifikatu ahal izango dituzue. Horrek, zuen egunerokoa dituzuen hizkuntza ohitura batzuk non eta norekin aldatu ditzakezuen aurrez ikusten eta horretarako prestatzen lagundu zaitzakete. 

Urratsen atalean, 15 urrats proposatzen dizkizuegu. Badakigu errotutako hizkuntza ohiturak aldatzea ez dela erraza, eta lehen urratsak egitea izaten dela zailena. Horregatik, datozen egunetan 15 urrats hauetatik hastea gomendatzen dizuegu. Behin bat eginda, “urratsa egin” gainean klikatu eta urratsak ikur eta kolore desberdinez agertuko zaizkizu. Ea hamabostak egitea lortzen duzun! 

Azkenik, 15 egun hauetan biziko dituzuen sentsazio, ezinegonak, urduritasunak, gertaera bitxiak, bizipen bereziak, lorpenak… elkarbanatu ahal izango dituzue bizipenak atalean. Hauen bitartez, gutako bakoitzak bizi ditugunak momentu berean beste hainbat eta hainbat herritar ere bizitzen ari direla konturatzeko balio digu. Gogoratu milaka euskal herritar ari garela ariketa egiten, ez zaude bakarrik!

Beraz, prest euskaraz GEHIAGO, GEHIAGOREKIN eta GEHIAGOTAN egiteko?