Zertarako erabili dezakegu aplikazioa?

2020.10.28

Kaixo belarriprest eta ahobiziok!

Gaurko berri honetan, aplikazioak momentu honetan dituen funtzio eta helburuak zeintzuk diren azalduko dizkizuegu.

Batetik, aplikazioaren “berriak” atalean, Euskaraldia ariketa sozialerako beharrezkoa dugun prestakuntza eskuratu ahal izango da: ariketak zertan datzan, rol bakoitza zer den eta zein konpromezu eskatzen dituen, hauek prestatzeko aholkuak… Horiez gain, Euskaraldiaren antolaketan zein berri ditugun helaraziko dizuegu Berriak atalaren bitartez.

Bestetik, Euskaraldia, ariketa sozial honetan izen eman duzuen orok osatzen duzuelako, hau nola prestatzen ari zareten adierazten duten argazkiak elkarbanatzeko gune bat dugu: Fanwalla. Milaka herritar gabiltza jada hemendik gutxira hasiko dugun ariketarako ingurua prestatzen eta girotzen, eta lanketa horiek nola doazen ikusaraztea da helburua. Beraz, zeu ere Euskaraldiaren komunitatea osatzen dugunekin elkarbanatzera animatzen zaitugu.

Baita ere, Euskaraldirako falta diren egunen atzera kontaketa bat, Euskaraldirako dendara lotura zuzena, rol bakoitzak eskatzen dituen konpromisoak ondo betetzeko aholku osagarriak…

Ariketa hasten den arte, azaroak 20, norbanakoen prestakuntzan zentratuko da aplikazioa, baina azaroaren 20tik aurrera, funtzio berriak eta anitzagoak izango ditu. Beraz,  ez galdu hauek!