Ongi etorri Euskaraldiko aplikaziora

2020.09.25

Aplikazio honen bitartez Euskaraz GEHIAGO, GEHIAGOTAN ETA GEHIAGOREKIN egiteari ekingo diogu guztiok.

Izen-ematean gauden artean ariketaren prestatze lanak burutuko ditugu denon artean. Bakoitzak geure burua eta ingurua prestatuko dugu Euskaraldiaren 15 egunetarako. Horretarako, prestakuntza pilulak jasoko ditugu aplikazioaren bidez, astez aste. Hauek, Euskaraldiaren bigarren edizioa bere osotasunean zertan den eta honen oinarri diren ahobizi eta belarriprest rolak ondo ulertzeko beharrezkoak izango ditugun aholku, baliabide edota zalantzak argitzeko informazioa emango digute. Beraz, ez galdu bertan biltzen joango den materiala!

Behin guztiok ongi prestatuta, azaroaren 20an emango diogu hasiera ariketa sozial honi eta ariketaren egun hauetan aplikazioak beste baliabide batzuk eskainiko dizkigu. Adibidez, 2.edizio honen berrikuntza diren “ariguneak” non dauden ikusteko aukera izango dugu (hurbil ditugunak ezagutu ahal izateko), parte-hartzaile bakoitzak bere rolarekin hizkuntza ohiturak aldatzeko egin ditzaken 15 urratsen proposamena izango dugu edota bakoitzak gure bizipenak elkarbanatzeko aukera izango dugu.

Hau guzti hau eta gehiago izango dugu Euskaraldiko aplikazioan!